Aralar Euskal Autonomia Erkidegoko mendilerro handienetako bat da (10.971 ha). Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroa osatzen duten mendiguneen artean ekialdean dagoena da eta naturgunearen zati bat Nafarroako lurretan dago. 

Aralarreko mendiek paisaia bikaina marratzen dute eta haien profila oso desberdina da ikuspuntuaren arabera. Goierri eskualdetik, mendizerraren iparraldeko haitz handia ikus dezakegu. Mendi-hegalaren aldapa malkartsua Zaldibia eta Amezketa herrien eremuetara iristen da eta Txindoki mendiaren (1.346 m) gailur ederra gailentzen da alde horretan. Aitzitik, Donostia eta Iruñea lotzen dituzten bideetatik begiratuta, mailoen profil garbi eta garaia ikusiko dugu kilometro askotan. Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga ezarri ostean, mendixkok Foru Erkidegoan barneratzen dira. Hortxe ageri da, hain zuzen, Irumugarrieta (1.427 m), Aralarreko tontorrik garaiena.

aralar

Ingurune karstikoa eta monumentu megalitikoak

Litologiari dagokionez, kareharria da nagusi mendilerroan eta, hortaz, lurrazalean nahiz sakonean ugariak dira fenomeno karstikoak: lapiaz-zelaiak, hobiak eta iturburuak, haitzuloak, dolinak, lurrazpiko ubideak eta abar. Hala, urak bide ezkutuetatik barrena murgildu eta bat-batean azaleratzen dira. Pardarri mendia (1.393 m) (Igaratzako zelaietatik abiatuta iritsiko gara bertara) morfologia karstikoen adibide garbia dugu. 

Horrez gainera, gizakiak aspalditik bizi dira inguru honetan, eta horren lekuko dira aurkitutako monumentu megalitikoak. Aralarrek historiaurreko artzain eta abeltzainen arrasto ugari gorde ditu: 30 bat dolmen, dozena bat tumulu baino gehiago, hainbat monolito, aztarnategiak (asko kobazuloetan eta bakarren bat aire librean) eta, gutxienez, bi cromlech.

Mendi-ibiliak

Mendizale eta espeleologo asko joan ohi dira Aralarreko mendizerrara, bertako edertasunak erakarrita. Ongi zehaztutako ibilbide franko daude, baina sasoian egotea komeni da gailurretara igotzeko. Aralarrera iristeko, gehienek Larraitzeko baselizara jotzen dute lehenengo, gero handik Txindokira igotzeko. Lizarrusti gainera joaten dira beste batzuk; bertan, aterpetxea egokitu berri dute. Nafarroatik, berriz, basozainaren etxerako bidea har daiteke Lekunberrin, Errenagara iristeko. Nafarroako alde horretan San Migel, interes artistiko eta historiko handiko santutegia, topatuko dugu, larre eta pagadien artean. Handik, bista ikusgarria dago, Nafarroako mendi eta lautadak ikus daitezke eta. 

Oharrak

Askotariko jarduerak (mendi-ibiliak, paseoak zaldi gainean zein bizikletaz, arroilen jaitsiera, kirol-eskalada, iraupen-eskia, bisita gidatuak...) antolatzen dituen Lizarrustiko aterpetxea itxita dago obrak direla eta. Bitartean, ibilaldi tematikoak egiteko aukera eskaintzen duen informazio eta interpretazio bulegoa ireki dute Ataungo San Gregorio auzoan. 

San Gregorio Auzoa 
Elkargunea, 12 
20211, Ataun 

Informazio gehiago lortzeko, www.turismoataun.net webgunea bisitatu edo 943 18 02 85 telefonora deitu. 

Bestelako zerbitzuak: 
Mahaiz, iturriz, erretokiz eta beste zenbait zerbitzuz hornitutako aisialdirako sei gune. 
Abaltzisketako Udal aterpetxea. 
Aralar mendilerroko Mendi Ostatu Aterpea.